Estatutuak

BURUMENDI MENDIZALE ELKARTEA KLUBAREN ESTATUTUAK

BURUMENDI MENDIZALE ELKARTEA KLUBAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

ARAU OROKORRAK

1. ARTIKULUA.‑ Burumendi Mendizale Elkartea irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, iraupen mugagabea duena, berezko nortasun juridikoaz eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasunaz hornitua, eta kirol modalitate hau sustatzea eta egitea helburu duena:

-          Modalitate nagusia: Mendia

Klubak ahalmen-urritasuna duten pertsonen kirola sustatuko du, unean-unean dagoen eskakizunaren arabera eta eskura dituen giza baliabideak eta baliabide materialak kontuan hartuta. Era berean emakumezkoen kirola sustatuko du, kirol jarduna emakumeengana zabaltzeko lana bultzatuz.         

Horrek ez du esan nahi, ordea, klubak bere kabuz edo beste entitate batzuen bitartez ezingo duenik jarduera ekonomikorik gauzatu, baldin eta klubaren helburuekin loturaren bat badute edo helburu horien zerbitzura badaude.

                                           

2. ARTIKULUA.‑ Klubaren eraketa, inskripzioa, aldaketa, desegitea, antolaketa eta funtzionamendua  lege xedapen hauen mende egongo dira: Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legea, Kirol klub eta kirol elkarteei buruzko ekainaren 22ko 163/2010 Dekretua, klubaren estatutuak eta aplikagarriak diren gainerako araudiak, eta bere batzar orokorrak eta gainerako gobernu organoek hartutako erabaki baliodunak.  Lege xedapen horiek jasotzen ez duten alderdiei dagokienez, elkarteen alorrean indarrean dagoen araudi orokorra aplikatuko da.


3. ARTIKULUA.‑ Atxikitzen den kirol federazioaren lege xedapenak aplikatuko zaizkio klubari, afiliazio horren ondorioz bidezkoa den neurrian.


4. ARTIKULUA.‑ Klubak nagusiki Euskadiko Autonomia Erkidegoan jardungo du, goragoko jardueretan edo lehiaketetan parte hartzea baztertu gabe. Klubaren helbide soziala honako hau izango da: Herria: Mutriku, P.K. 20830; kalea: Frontoi Jeitziera, 1. Udalerri berean helbidea aldatzea, administrazio-organoak berak erabaki dezake, ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroari jakinarazi beharko diolarik.

II. KAPITULUA

BAZKIDEAK

5. ARTIKULUA.‑ Klubeko bazkide guztiak berdinak dira beren eskubide eta betebeharrei dagokienez. Ez da egongo, beraz, haien jatorria, sexua, arraza, erlijioa, hizkuntza, sexu joera edota beste edozein egoera edo zirkunstantzia pertsonal edo sozial dela-eta diskriminaziorako biderik emango duen inolako xedapenik.


6. ARTIKULUA.‑ Klubeko kidea izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a)   Adinez nagusia izatea, edo adin txikikoen kasuan gurasoen edo legezko tutorearen baimena eduki, pertsona juridikoen kasuan izan ezik.

b)   Dagokion sarrera kuota ordaintzea.

c)   Klubaren helburuetan interesa izatea.

d)   Kide izateko eskaera aurkeztea.  


7. ARTIKULUA.- Klubean sartzeko eskaera idatziz helarazi behar zaio lehendakariari. Lehendakariak jakitun jarriko du Zuzendaritza Batzordea eta honek aurreko artikuluan adierazitako baldintzak betetzen diren ala ez aztertu ondoren eskaera onestea edo baztertzea erabakiko du. Erabaki horren aurka ez da errekurtsorik onartuko.


8. ARTIKULUA.‑ Klubeko bazkideek eskubide hauek izango dituzte:

a)    Klubaren helburu espezifikoak lortzeko bidean parte hartzea, indarrean dagoen legerian eta estatutuetan xedatutakoari jarraituz, eta helburu horiek bete daitezela exijitzea.

b)    Kluba libreki uztea.

c)    Klubaren jarduerak ezagutzea eta beraren dokumentazioa aztertzea.

d)    Klubaren baitan bere iritziak askatasunez adieraztea.

e)    Klubaren ordezkaritza- eta gobernu-organoetarako hautesle eta hautagaiak izatea, betiere adinez nagusiak badira eta jarduteko gaitasun osoa badute.  

f)     Haien aurka diziplina-neurriak ezarri baino lehen entzunak izatea, bai eta neurri horiek funtsatu duten gertaeren gaineko informazioa jasotzea ere; gainera, isunik badagokio, horri buruzko erabakia arrazoitua izango da.

g)    Legearen edo estatutuen aurkakotzat jotzen dituzten klubeko organoen erabakiak aurkaratzea.


9. ARTIKULUA.‑ Klubeko bazkideek honako betebehar hauek izango dituzte:

a)    Klubaren helburuak partekatzea eta horiek lortzeko bidean kolaboratzea.

b)    Estatutuen arabera bazkide bakoitzak ordaindu behar dituen kuotak, derramak eta bestelako ekarpenak ordaintzea.

c)    Klubeko organoek hartzen dituen baliozko erabakiak ontzat hartzea eta betetzea.

d)    Estatutuetatik eta araudietatik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak.


10. ARTIKULUA.‑ Bazkide izateari utziko zaio kasu hauetan:

a)    Norberaren borondatez.

b)    Heriotzagatik edo, pertsona juridikoen kasuan, desegiteagatik.

c)    Bazkide kuotak arauz ezarritako epean ez ordaintzeagatik, betiere berandutze horren arrazoiak ez badira behar bezala justifikatzen Zuzendaritza Batzordearen iritziz.

d)    Estatutuetan edo araudietan ezarritako betebeharren ez-betetze larri batengatik isuna jasotzeagatik, edo Batzar Nagusiak edo Zuzendaritza batzordeak hartutako baliozko erabakien ez-betetze larri batengatik.

 


11. ARTIKULUA.- Klubeko kideek zigorra jaso dezakete, betiere aldez aurretik administrazio espedientea izapidetu eta interesatuari entzunaldia eman ondoren. Isunak aldi baterako eskubideak galtzetik kluba behin betiko uzterainokoak ere izan daitezke.


III. KAPITULUA

DOKUMENTUEN ARAUBIDEA

12. ARTIKULUA.‑ Klubak liburu hauek, gutxienez, edukiko ditu antolatuta eta eguneratuta:

a)   Bazkideen Erregistro Liburua.

b)   Kide anitzeko organoen akta liburuak.

c)   Kontabilitate liburuak..

d)   Hala badagokio, zor tituluen edo ondarezko zati alikuotaren erregistro liburuak.  


Aipaturiko liburu horien kudeaketa-lanak ez du kentzen beste xedapen orokor batzuen ondorioz egin beharreko dokumentuen gaineko betebeharrak egin behar ez direnik.

Liburu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan legeztatuko dira, bertako araudi erregulatzailearen arabera.


13. ARTIKULUA.‑ Bazkideen Erregistro Liburuan haien izen-abizenak eta helbidea jaso beharko dira.  Gainera, alta eta baja egunak ere idatzi beharko dira.


14. ARTIKULUA.‑ Akta liburuetan Batzar Nagusiak eta Zuzendaritza Batzordeak eginiko bilerak jasoko dira: eguna, parte hartzaileak, aztergaiak eta hartutako erabakiak. Klubaren Presidenteak eta Idazkariak sinatu beharko dituzte aktok.


15. ARTIKULUA.‑ Kontabilitate liburuetan kontabilitatearen alorrean indarrean dauden xedapenek eskatzen dituzten datu eta mugimenduak jaso beharko dira; hartara, klubaren ondarearen, haren finantza egoeraren eta emaitzaren berri zehatza emango dute, bai eta ondasunen inbentarioarena ere.

IV. KAPITULUA

ORDEZKARITZA, GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK

16. ARTIKULUA.‑ Hauek dira klubaren organoak:

a)   Batzar Nagusia

b)   Zuzendaritza Batzordea:

c)   Lehendakaritza

I. ATALA

BATZAR NAGUSIA

17. ARTIKULUA.Batzar Nagusia gobernu-organo gorena da, eta boto-eskubidea duten bazkide guztiek osatzen dute.


18. ARTIKULUA.Batzar Nagusiak gutxienez eginkizun hauek izango ditu:

a)    Lehendakaria edo, hala badagokio, Zuzendaritza Batzordea aukeratzea, bakarka, askatasunez, zuzenean eta isilpean egindako bozketaren bidez.

b)    Kontuak eta aurrekontuak onartzea.

c)    Araudiak onartzea.

d)    Estatutuak aldatzea.

e)    Klubaren bat-egitea, zatiketa, eraldaketa edo desegitea onartzea.

f)     Dirua maileguan hartu.

g)    Higiezinak besterendu eta zergapetu.

h)    Eskualda daitezkeen zor titulu adierazgarriak edo ondarezko zati alikuotarena eman.

i)      Lehendakariaren aurkako edo, hala badagokio, Zuzendaritza Batzordearen aurkako zentsura mozioa onartzea.

j)      Administrazio-organoko kideen ordainsariaren baldintzak onartu.


19. ARTIKULUA.Batzar Nagusiak ohiko bilkurak egingo ditu kontuak onartzeko eta, nahitaezkoa izanez gero, aurrekontua onartzeko; ezohiko bilkurak ere egingo ditu, sortzen diren bere eskumeneko gainerako gaiak aztertzeko.


20. ARTIKULUA.Klubeko lehendakariari dagokio Batzar Nagusiaren ohiko bilkurarako deia egitea. Hori ezinezkoa bada edo lehendakariak deialdia epearen barruan egiteko obligazioa betetzen ez badu, Zuzendaritza Batzordeak edo edozein bazkide-taldek egin dezake deialdia, baldin boto eskubidea duten bazkideen %10era iristen bada.

Klubaren lehendakariari edo boto-eskubidea duten bazkideen %10era iristen den edozein bazkide-talderi dagokio Ezohiko Batzar Nagusirako deialdia egitea.


21. ARTIKULUA.Batzar Nagusirako deia –dela ohikoa dela ezohikoa–, aztergaien zerrendarekin batera, klubaren webgune ofizialean jarritako iragarki baten bidez jakinaraziko zaie bazkideei. Iragarkia 15 eguneko aurrerapenarekin jarriko da, gutxienez, salbu eta premiazko epeen kasuetan edo ezustean gertaturiko larrialdien kasuetan; behar bezala justifikatu beharko dira deialdian bertan.  Webgunerik ez badago, jakinarazpena posta arruntaren bidez edo posta elektronikoaren bidez bidaliko da.


22. ARTIKULUA.Batzar Nagusia –dela ohikoa dela ezohikoa– baliozkotzat joko da baldin eta lehenengo deialdian kideen %50 gutxienez bertaratzen badira. Bigarren deialdian, baliozkotzat joko da edozein dela ere bertaratzen diren kideen kopurua.  Bigarren deialdian, bilera ezingo da egin harik eta aurreneko deialditik hogeita hamar minutu pasa arte.


II. ATALA

ZUZENDARITZA BATZORDEA

23. ARTIKULUA.- Zuzendaritza Batzordea klubaren administrazio-organoa da. Bertako kideen kopurua bakoitia izango da. Honako hauek osatuko dute, gutxienez, Zuzendaritza Batzordea: lehendakaria, klubaren lehendakari ere izango dena, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina eta gutxienez 3 , eta gehienez 7 batzordekide.

Lehendakariak hautatuko ditu Zuzendaritza Batzordeko kideak. Zuzendaritza Batzordean oreka egon beharko da emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruen artean, non eta ezinezkoa ez den. 


24. ARTIKULUA.Zuzendaritza Batzordeari kudeaketa administratiboari eta ekonomikoari buruzko eginkizunak dagozkio, eta horiek betetzeko Batzar Nagusiak emandako jarraibideak errespetatuko ditu.  Eginkizun horietako bat edo guztiak klubean sorturiko batzorde exekutibo bati edo kideren bati eskuordetu ahalko dizkio.


25. ARTIKULUA.Zuzendaritza Batzordearen bilkuretarako deialdia egitea klubaren lehendakariaren edo, haren ordez, lehendakariordearen eginkizuna izango da. Deialdia, aztergaien zerrendarekin eta horiei buruzko dokumentazioarekin batera, posta arruntaren bidez edo posta elektronikoaren bidez bidaliko zaie Zuzendaritza Batzordeko kideei, gutxienez bi egun lehenago, salbu eta premiazko epeen kasuetan edo ezustean gertaturiko larrialdien kasuetan.  


26. ARTIKULUA.- Zuzendaritza Batzordearen bilera baliozkotzat joko da baldin eta lehenengo deialdian kideen %50 gutxienez bertaratzen badira, eta bigarren deialdian kide bi gutxienez bertaratzen badira, betiere horietako bat lehendakaria edo lehendakariordea bada.         

Halaber joko da baliozkotzat baldin eta, aurretik deialdirik egin gabe ere, Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak bertaratzen badira  eta aho batez hala erabakitzen badute.

 

27. ARTIKULUA.Klubaren lehendakaria edo, haren ordez, lehendakariordea izango da Zuzendaritza Batzordeko burua eta Batzordearen jarduna koordinatuko duena.


28. ARTIKULUA.Idazkariak sarrera-eskaerak jaso eta bideratuko ditu, klubaren bileren aktak egingo ditu, bazkideen fitxategiaz eta erregistro-liburuaaz arduratuko da, bai eta klubaren webguneaz eta lan administratiboak zuzentzeaz ere. Langintza horietarako, langile edo kolaboratzaileen laguntza jaso ahal izango du.


29. ARTIKULUA.Zuzendaritza Batzordeko kideek kasu hauetan utziko dute kargua:

a)   Dimisioa ematen duelako.

b)   Heriotzagatik edo, pertsona juridikoen kasuan, desegiteagatik.

a)   Zentsura-mozioa onartu delako.

Kideen banakako kargu-uzteen ondorioz Zuzendaritza Batzorde osoarena gertatzeko, kideen erdiek gutxienez utzi behar dure beren kargua.

Zuzendaritza Batzordearen kargu-uztea gertatzen bada,  Batzorde Kudeatzaile bat eratuko da eta  Ezohiko Batzar Nagusi baterako deia egingo da, Zuzendaritza Batzorde berria hautatzeko. Hori ezinezkoa bada, edozein bazkide-taldek egin dezake Batzar Nagusirako deialdia, baldin boto eskubidea duten bazkideen %5era iristen bada.

Zuzendaritza Batzordeko kide batek edo gehiagok banaka uzten badute kargua , baina hala ere kideen %50ek beren karguari eusten badiote, presidenteak izenda ditzake postu horiek betetzeko pertsonak.


III. ATALA

LEHENDAKARITZA

30. ARTIKULUA.Lehendakaria klubaren organo exekutiboa da; klubaren legezko ordezkaritza dauka eta administrazio organoen burua da, eta organo horiek hartutako baliozko erabakiak exekutatzeko betebeharra dauka.


31. ARTIKULUA.Batzar Nagusiak hautatuko du lehendakaria, hartarako deitutako ezohiko batzarrean, eta hautatzeko aurreikusitako prozesuaren arabera.


32. ARTIKULUA.Lehendakariak kargua utzi ahal izango du estatutu hauen 29. artikuluan adierazitako arrazoietako batengatik. Klubeko lehendakariaren postua hutsik gelditzen bada, aipaturiko arau horretan aurreikusitako muduan jokatuko da.

 

IV. ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

33. ARTIKULUA.  Zuzendaritza Batzordearen eta lehendakariaren agintaldia bi urtekoa izango da.

Klubeko organoetako kideek jardunean jarraituko dute kide berriak karguaz jabetzen diren arte, horretarako ezintasun ageriko bat gertatzen ez bada behintzat.

Zuzendaritza Batzordeko kideek ordainsariak jaso ahalko dituzte beren kargua betetzeagatik, betiere Batzar Nagusiak berariaz onartzen badu, beste aztergaietatik aparteko gai moduan, eta bertaratutako kideen bi herenak alde agertzen badira.


34. ARTIKULUA.Batzar Nagusiak Zuzendaritza Batzordeko kide guztien edo haietako baten edo batzuen erantzukizuna exijitu ahal izango du zentsura mozio baten bidez. Mozio horrek, aurrera egingo badu, berariaz deitutako bilkuran bertaratutakoen bi herenen aldeko botoa beharko du.

Zentsura mozioa idatziz aurkeztu beharko zaio Zuzendaritza Batzordeari, bazkide guztien %20aren babesarekin.

Ezohiko Batzar Nagusiak aztergai bakarra izango du: zentsura mozioa eztabaidatzea eta haren gaineko ebazpena ematea.     

Zuzendaritza Batzorde osoaren aurkako mozio zentsura onartzeak bertako kide guztien kargu-uztea ekarriko du, klubaren lehendakariarena barne.

Zentsura mozioak lehendakari berria izateko hautagai baten proposamena jaso beharko du, eta berez izendatuko da baldin eta zentsura mozioa onartzen bada. Hautatutako kargu berrien agintaldia aurreko agintaldiari bukatu artekoa izango da.


35. ARTIKULUA.  Inola ere ez dira bateragarriak izango klub baten presidente kargua eta klub hori atxikita dagoen kirol federazioaren presidentea kargua.     

Pertsona bera ezingo da izan batera kirol modalitate bereko eta kategoria bereko klub baten baino gehiagoren presidentea.


V. KAPITULUA

HAUTESKUNDE PROZESUA

36. ARTIKULUA.Klubaren hauteskunde-prozesuak ekainaren 22ko 163/2010 Dekretuan ezarritakoa beteko du, bai eta Estatutu hauetan eta Batzar Nagusiak onartzen dituen gainerako hauteskunde-araudietan ezarritakoa ere.

Batzar Nagusiak onartuko du hauteskunde egutegia eta izendatuko ditu Hauteskunde Batzordeko hiru kideak.

Hautagaitza bakarra baldin badago, zuzenean aukeratuko da, inolako bozketarik egin beharrik gabe.


VI. KAPITULUA

ERREGIMEN EKONOMIKOA

37. ARTIKULUA.Kluba berezko aurrekontu eta ondare araudiaren mende egongo da. Ekonomia ekitaldia urtekoa izango da, eta amaiera urte bakoitzeko Urtarrilaren 1ean izango du.

Klubak ez du fundazio-ondarerik, eta bere jarduerak aurrera eramateko baliabide hauek erabiliko ditu:

a)    Batzar Nagusiak hala badagokio, erabakitzen dituen sarrera-kuotak edo/eta aldizkako kuotak.

b)    Berez dagozkion ondasun eta eskubideen produktuak, bai eta jasotzen dituen diru laguntzak, dohaintzak, utziriko ondarea eta babes-laguntzak ere.

c)    Estatutuetan adierazitako helburuei begira klubak egiten dituen legezko jardueretatik eratorritako beste diru sarrerak.

Diru-sarrera guztiak, kirol-ekitaldietan eskuratutakoak barne, oso-osorik erabiliko dira helburu soziala garatzeko. Inola ere ez da onartuko etekinak bazkideen artean banatzerik, ezta haien ezkontideen edo antzeko afektibitate-harremana duten bizikideen artean ere, edo ahaideen artean. Orobat, ezingo da doako lagapenik egin irabazi asmoa duten pertsona fisiko edo juridikoen alde.

Ondasun higiezinak erabiltzeko, besterentzeko edo zergapetzeko, Batzar Nagusian bertaratutakoen bi herenen gehiengoz adostutako erabakia beharko da.


38. ARTIKULUA.Kluba deseginez gero, edo bazkideren bat egotziz gero, pertsona horrek eskubidea izango du hasieran ordaindu zuen ondare-partaidetzaren diru-kopurua edo bestelako diru-ekarpenak errekuperatzeko, salbu eta bazkidetza kuota moduan ordaindutako kopuruak. Horretarako, baina, ezinbesteko baldintza da ondare-murrizketaren ondorioz hirugarren pertsona edo entitateek kalterik ez jasotzea. Banantze kasuetako ondare-partaidetza berreskuratzeak ez du zertan eraginik izan kluben irabazi asmorik gabeko izaeran. Batzar Nagusiari dagokio artikulu honetan adierazitako erabakiak abian jartzea.

 

VII. KAPITULUA

ESTATUTUAK ALDATZEA

39. ARTIKULUA.Estatutu hauek aldatzeko edo indargabetzeko, berariaz deitutako Ezohiko Batzar Nagusiraren erabakia beharko da, alegia bertaratutako bazkideen bi herenen gehiengo kualifikatuaren adostasunez hartutako erabakia.


VIII. KAPITULUA

DESEGITEA ETA LIKIDAZIOA

40. ARTIKULUA.Kluba Batzar Nagusiaren erabakiz desegingo da, Estatutu hauek aldatzeko ezarri diren baldintzak eta gehiengoa errespetatuta, edo ebazpen judizialaren bidez.

41. ARTIKULUA.Behin kluba deseginez gero, likidazio-epea hasiko da. Epe hori amaitu arte klubak bere nortasun juridikoari eutsiko dio.    

Administrazio-organoko kideak likidatzaile bihurtuko dira, salbu eta Batzar Nagusiak edo, hala badagokio, desegitea ebatzi duen epaileak beste batzuk izendatzen baditu; eta 163/2010 Dekretuaren 69.3 artikuluan xedatutako funtzioak beteko dituzte.

Likidazio-fasean dagoen bitartean, klubak “likidazio-fasean” esaldia erantsi beharko dio bere izenari.


42. ARTIKULUA.Kluba desegin eta likidatuz gero, haren ondorioz geratzen den ondare garbia udalerri bereko, edo hala badagokio, lurralde historiko bereko beste kirol entitate baten bitartez kirola sustatzeko eta praktikatzeko helburuetarako erabiliko da.

 

IX. KAPITULUA

DIZIPLINA ARAUBIDEA

43. ARTIKULUA.- Klubak bazkideen gainean duen diziplina-ahalmena klubaren beraren araudiek eta erabakiek ezarriko dute, eta hartzen dituen arabakien kontra azingo da errekurtsorik jarri kirol-federazioetan edo Kirol Justiziako Euskal Batzordean. Klubak diziplinaren alorrean hartzen dituen erabakiak jurisdikzio arruntean aurkaratu ahal izango dira.

 

 

 

Mutrikun, 2011ko Maiatzarenren 6a

Edukiak © 2024 Burumendi Mendizale ElkarteaBluekeak egina